kirikinoak
kirikinausia

Orain gutxira arte, gure mendi bizkarretan, 600 bat metroko altueraino, hariztiak eta gaztainadiak ziren nagusi.

Mende askotan zehar gaztaina oinarrizko elikagaia izan da, nekazarien etxeetan batez ere.

Gaztainak eta beste zenbait frutu urrian batzen ziren; gaztainondoak makilaz astindu eta kirikiñoak zareetan jasotzen ziren. Arantzekin eskuetan minik ez hartzeko, “ugelexue” edo “txubelexue” izenaz ezaguturiko pintzak erabiltzen zituzten.

Kirikinausiak harriak bilduz eta masa barik egindako horma biribilean eraikitzen ziren gaztainondoan bertan, metro eta erdi inguruko altuerako biltegiak osatuz. Biribilaren barruan kirikiñoak uzten ziren.

Orozkon biltegi hauei “kirikiñausie” esaten zaie.

Kirikinausiaren tamaina gaztainondoak zuen garrantziaren araberakoa izaten zen: bi metro izatetik zortzi metro edo gehiago izatera hel zitekeen. Gehienek atetxo bat dute sartzeko, baina ez beti. Estalkirik, ostera, ez dute inoiz izaten. Biltegi hauek gure ondare etnografikoaren benetako monumentuak dira.

Basurdeek, txerriek eta abarrek ezin zituzten kirikinausiko gaztainak jan. Kirikiñoak bi hilabete inguruz egoten ziren ikutu gabe. Denboraz, kirikiñoak usteltzen hasi eta esku golpe handi batez edo zapalduz erraz ateratzen zen gaztaina. Gaztainak heldu egiten ziren, eta horri eta geroko beste zainketa batzuei esker, gaztainek gehiago irauten zuten harrak eta lizunak jan barik. Hau oso garrantzitsua zen, urtean sei edo zazpi hilabetetan eguneroko janaria baitzen.